| Albisteak

Euskadik merkaturatze-alternatiba bat eskaintzen dio lehen sektoreari, COVID 19aren krisialdiaren aurrean

Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiekin eta HAZIrekin batera, nekazaritza-produktuak biltzeko eta merkaturatzeko zerbitzu bat jarri du abian Euskadi osoan. Zerbitzuaren helburua da baserritarrei beren generoa merkaturatzen laguntzea, COVID19aren ondorioz tokiko azokak itxi baitzaizkie.

Hartara, tokiko eta sasoiko produktuari irteera emango zaio, ohiko merkatuez bestelako banaketa-bide batzuk erabiliz, eta salmenten jaitsiera saihestuko da, produkzioaren bideragarritasuna zein bezeroen osasuna bermatuz.

Euskadiko nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera batzuk, eta, batez ere, baratzeetako ekoizpena, ondorio negatiboak jasaten ari dira COVID19aren ondorioz; bereziki, eraginpean daude haien fruituak azoken eta merkatuen bidez merkaturatzen dituzten ekoizleak eta haien genero freskoa Horeca kanalaren bidez merkaturatzen duten baratzezainak, eskaerarik gabe geratu baitira.

Produktu horri guztiari irteera emateko, eta produktu hori bilduko duen zerbitzua antolatzearen konplexutasunaren ondorioz, arlo horretako logistikan esperientzia duen Lurrarte Baserriko Uzta enpresaren laguntza izango dugu. Lurrartek, HAZIko teknikarien eta Euskadiko landa-garapeneko elkarteen laguntzarekin, antolatuko du banaketa-bide berri hori, betiere azokak antolatzen dituzten hiri eta herrietako udal-arduradunekin elkarlanean.

 Harremanetarako puntuak dagoeneko martxan telefono eta whatsaap bidez

Baldintzak, jasotzen diren produktuak, beharrezko logistikaren ezaugarriak, prezioak edo bestelako gaiak argitzeko, baserritarrek 943693074 telefonora deitu ahal izango dute, astelehenetik ostiralera 8:00etatik 14:30era, edo 688643670 telefonoko whatsapp-era idatzi ahal izango dute (Erreferentzia: barazkien bilketa).

Lurrarte enpresarekin batera, Alberro eta Barrenetxe enpresak ere arduratuko dira produktua erosteaz eta merkaturatzeaz. Enpresa horiek, behin produktua jaso ondoren, Eroski S.Coop. (Eroski) eta Uvesco S.L. (BM) banaketa handiko operadoreetara bideratuko dute, elikagaiak xahutu ez daitezen eta hondakinen isurketak gehitu ez daitezen.  

 

Azken batean, ekimen horren bidez, osatzen dira Euskadi osoan egiten ari diren askotariko jarduerak —nekazaritza-produktuen on line salmenta, baimendutako espazioetan egiten diren tokiko azokak, eta abar—, eta bermatzen da tokiko eta sasoiko produktuak kontsumitu nahi dituzten kontsumitzaileei gure baserritarren produktuak hornitzen zaizkiela.

Interesgarria

  • 1

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait